XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zer izan zen? Izango dena bera.

Zer egin zen? Egingo dena bera.

Eguzkipean berririk ezer ere ez da...

- Zu, ondo dago hori ta egia izango da; baina lehen ere sermoirik asko entzunak gara - ihardesten dio entzule batek eta eten egiten dio hitzaldia.

- Parkatu. Baina entzun, mesedez.

Zapaltzaileen eskuetan dago indarra, ahalmena, eta zapalduak poztu ditzakenik gabe, zer egin eta zertarako urduritu, estutu? Eguzkipean dana egiten da bere aldian.

Jaiotzeko eta hiltzeko aldia dagoz. Landatzeko aroa eta landareak biltzeko eguna.

Erahiltzeko ordua eta sendatzeko aldia.

Iraultzeko garaia eta eraikitzeko aukera. Negar eguna eta parre eguna. Erosta aldia eta dantza aldia. Laztan giroa eta laztanak uztekoa. Bila ibiltzeko mugona eta galtzeko zoritxarra. Zaintzeko denpora eta jaurtikitzeko denpora; urratzeko eta josteko, isilik egoteko eta mintzatzeko, maite izateko eta gorrotatzeko. Gudarako aldia eta pakerako aldia...

Eta orain, Urteberri egun honetan, jateko eta edateko aldia dugu, elkar maitatzeko aldia, kantatzeko aldia. Hitz bitan esanda, jolaserako aldia.

Jan ta edan dezagun, bada, bihar hilgo gara ta.

Gora gu ta gutarrak! - Gora!!! - Gora gure eskubideak! - Gora!!!